2013(e)ko urriaren 29(a), asteartea

03.ariketa_LOGELAREN HASTAPENAK

Gaurkoan nire logelaren lan maketa erakutsiko dizuet. Hurrengoko argazkietan ikus dezakezuenez, gauza asko falta dira oraindik. Egindakoa itsatsi barik dago, eta leihoak eta ateak egin gabe. Horrela ustea pentsatu dut, aldaketak egitea errazagoa delako. Hala ere, egindako oinarekin eta maketan egindakoarekin nahiko ondo islatzen da nire ideia. Bihar irakasleen iradokizunak entzungo ditut, eta horrekin zuzenketak egingo ditut. Horrenbestez, datorren astera arte itxaron beharko duzue nire logelaren maketa eta altxaera, plano eta ebaketak ikusteko.

Hona hemen maketaren goitiko bistak, eta egindako altzari eta guneen argazkiak:



Detaileak




2013(e)ko urriaren 22(a), asteartea

NIRE LOGELA

Nire logela nire etxeko tokirik garrantzitsuena dela esan dezaket. Nire koba. Nire ezkutalekua. Nire babeslekua. Bertan aurkitzen baitut babesa, eta indarra. Leihotik argia sartzen den bakoitzean indarrez puzten naiz, eta logela aprobetxatzeko momenturik ederrena da. Bakea, lasaitasuna eta poztasuna islatzen duelako argiak.

Nire logela nire erreinua da, eta ni naiz erreinu horren erregina bakarra. Nik hartzen ditut erabakiak, eta ez beste inork. Nire ordena da, baita nire desordena. Orain dela hamaika bat urte aldatu nituela nire logelako altzari eta hormen dekorazioa. Atzean utzi nuen haurtzaroko gela, eta berri bat eraiki nuen. Nik erabaki nituen bai altzariak, eta bai hormetako papera.

Nire logela kutxa bat da. Hasieran hutsik zegoena eta pixkanaka-pixkanaka, egunez egun, betetzen joan dena. Nire oroimen guztien bilduma da, nire museoa, non ikusgarri dauden nire gustu eta ametsak, baita nire nortasuna. Nire izaera islatzen da, nolakoa naizen. Apal guztiak beteta ditut. Denetarik aurki daiteke, baina dena esanahi bat du. Bidaietako oroigarriak, liburuak, argazkiak eta nire bizitzako parte diren beste objektu asko aurki daitezke.

Espazio txikia da, txikiegia nire iritziz, baina nire espazioa da. Bertan hazi egin naiz, eta bertan eman ditut orduak eta orduak. Nire barnean murgildu ahal izateko tokirik aproposena izan da betidanik, eta beste logela bat izanda ere, horrela jarraitzen du izaten. Nirea da.

Egia esanda, logela handiago bat izatea gustatuko litzaidake, heldutasuna islatzen duena, baina izandakoa atzean utzi barik. Nire ustez, logela batek istorio bat izan behar du, norberaren istorioa. Horrenbestez, hobea izan zitekeela jakinda ere, harro nago nire logelaz, nire istorioaz





2013(e)ko urriaren 15(a), asteartea

02.1.ariketa_TXABOLA

Hemen naukazue berriro ere pasaden asteko proiektuarekin. Ikus dezakezuenez apur bat eraldatuta dago. Klasera eraman nuen, eta aldaketa txiki batzuk egin behar nituela esan zidan irakasleak.  Altueraren kontua izan zen arazo larriena, baina estrukturari eta loturei dagokionez, ondo zegoen egindakoa. 







 Txabolaren bistak, loturak eta ebaketak:



Loturak

Azkenik, lankideen artean sortutako herrixkaren argazki batzuk utziko ditut:




2013(e)ko urriaren 8(a), asteartea

02.ariketa_TXABOLA

Papiroflexia alde batera utzita, hurrengo ariketarekin jarraitu dugu. Oraingo honetan, A2 tamainako orriak bi motatako makiltxoengatik aldatu ditut, eta txabola bat eraikitzera ekin diot. 10m^2ko txabola, 1/20 eskalan gauzatzea zen helburua. Horretarako material eta erreminta desberdinak erabili ahal ziren.

Aurreko klasean lotura desberdinak gauzatu nituen, egokiena aurkitzen saiatuz, loturak baitira ariketa honen atalik garrantzitsuena.

Loturak

Hortik abiatuta, buruan eta orrian nuen diseinua eraikitzen hasi nintzen:

- Hasteko, oinarria egin nuen, altuera bat emanez hezetasunak zura ez usteltzeko.

- Ondoren, estrukturaren pilare bertikalak jarri nituen, eta behin hori eraikita, teilatuaren estruktura gauzatu nuen.


- Azkenik, zorua, paretak eta teilatua jarriz estruktura estali nuen; baina ez osoa, barruko estruktura ikusi behar da-eta.





 Hona hemen nire txabolaren argazki artistiko batzuk:



Aurreko bista


Albotiko bista





Barneko bista


Egindako txabola ez da etxebizitza bat izango, oilotegia edo animalien korta bat baizik, eta horregatik, altuera baxu hori. Horrelakoa egitea pentsatu nuen, txikitan birratonak zuen oilategia horrelako itxura zuelako; eta han igarotako momentu on guztien omenez eraikia dago.